XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

eskola girotan

Baztango Oronotzen berrogeitaka urtetan maristen ikastetxe (internatu eta guzti) izan den etxetzarra hustu egin da.

Maristek irakaskintzari utzi berri diote, eta harako ikastetxeko ugazaba den Urrutia Fundazioa berriro ere haretaz jabetu da.

Urrutia Fundazio honek 49 urtetarako dohan eskaini dio harako ikastetxea Nafar Diputazioari, irakaskintzatarako erabil dezan baldintza bakarrarekin.

Diputazioak ez omen du, oraindik, erabakirik hartu.

Oronotzeko Ikastetxeak zortziren bat ikasgela du, kapilla, fobaila eta basket zelaiak, bi pelotaleku (eskuz eta zestaz) eta internatu eta erlijio ordena bati dagozkion zerbitzu guztiak.

- Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako neska-mutil kantariek bizpahiru kaseta atera berri dute Manolito Urbieta maisuaren zuzendaritzapean.

Kaseton salmenta ikastolaren beraren alde omen da.

- Zarauzko ikastola berberau hondartza alboko aparkaleku batez arduratu da, ikastolaren alde zenbait txanpon eskuratu asmoz.

Autoko berrogei pezeta... denok pozik eta zarauztarrok areago.

Kostan ez dakitela gero negozioen berri...

- ALMEN ikastolako Alberto Etxabe gaztetxoak 10.000,- ptako, sari bat irabazi berri du, UNICEF delakoak eratu duen Nazioarteko Pintura Lehiaketa batetan.

Zorionak gure zazpi urteko atxabaletarrari.

- Datorren irailetik ekainaren arteko bederatzi hilabeteren buruan ikastaro berezi bat eratzeko da Oiñatin, Boise (USA) Unibertsitatearen ardura eta zuzendaritzapean.

Bataz beste 19-22 urte arteko hirurogeita hamarren bat gaztek parte hartuko du, Idaho, Nevada, Oregoi eta California estaduetatik etorriak.

Beste zenbait gairen artean euskara eta Euskal Herriko historia aztertuko dute, bai eta Europako hainbat geografi, literatur, kultur eta politik gaiak ere.

- Euskal aldizkarietan barrena denboraz ezertxo ere jakinarazi ez den arren, lerro hauk idazten gaudela eratzen ari da Azkoitiko Insausti Jauregian Oiñatiko III Uda Unibertsitari Ikastaroa.

Ez dugu dudatan jartzen ikastaro honen balioa, baina, horregatio, zabalkunderik egiteko biderik ez ote dago? Hirugarren urtea bait da!

oharraren oharrez

Duela hamabost egun orrialde beronetan eta Irakurlea Mintzo izeneko sailean, Bergaran bota den Ozaeta etxea aipatu ahal izan genuen, irakurle baten gutuna agertaraziz.

Ondorioz, bergarar batek baino gehiagok hots egin digu telefonoz guztiz harriturik.

Jakina, bergararrek badakite jakin (eta guk ere bai, erdi bergararrak garenez gero) haretaz mintzatzean Mazterreka kaleko Yarzar-Ozaeta deitu etxeaz ari ginela, eta ez Ozaeta jauregiaz.

Esan gabe doa ere, guk garbi ez azaltzeagatik edo, erredazioan sortarazi zuten irudia ez zela Maztarreko kalekoarena, erreka barrenekoarena baizik.

- Bestalde, astekari baten abiada ez da, ez, guk nahi genukeen hainakoa, eta Luis Pedro Peña Santiagori inork ez ziola erantzun esaten genuen arren, diogun, orain, uztailaren 5ean Bergarako alkateak berak erantzun ziola, eta, ondoren, Peña Santiagok berak berriro ere hilaren 20an.

Ez gara gu hemen inoren hauzitan hasiko, baina Bergarako alkate jaunaren iritziak irakurri ondoren, badirudi Yarza-Ozaeta etxea botatzeko erabili izan diren arrazoiekin Gipuzkoako beste edozenbat arte-monumentu ere erraz asko bota daitekeela katalogaturik den ala ez kontutan hartu gabe.

Bestelakoak izan dira Donostian eratu den Arkitektura Astearen ondorioak; baina, nonbait, horrelako konbenzio eta ihardunaldiak hotelak eta egunkariak betetzeko baino ez bide dira, eta ez erabaki edo irakasaldi batzuk praktikatan jartzeko.

Gure Gipuzkoa honetan lurrak duen prezioarekin eta, ez gara hasiko etxe zaharrak manteintzen... Arrazoia du, bai, Luis Peña Santiago adiskideak... Oremus.

sariak... sariketak

Abuztuaren 15ean bukatzeko da Zarauzko Euskalzaleak izeneko elkarteak Lizardi zenaren omenetan eratu duen saiakera sariaren azken epea.

Sariketa honen gaia Lizardiren idazlanen azterketa izan da, eta, sariak, berriz, bi, lehena 25.000,- ptakoa. eta bigarrena 15.000,-koa.

Sariak ematea abenduaren inguruan izanen da, Lizardiren beraren omenetan Zarautzen eratu nahi den Euskal Astearen barruan.

- Egun berean ere, abuztuaren 15ean alegia, Xenpelar Sariaren azken epea beteko da.

Euskaltzaindiaren ardurapean urtero eratzen den bertso-paper sariketa honetan, herri-literatura maila eta eskolaz eginiko bertso sailek parte hartu ahal izaten dute.

Hiru sari izanen dira (12.000,-, 8.000,- eta 5.000,- pezetakoak), eta sariak banatzea, berriz, datorren irailean, Donostiako euskal festetan barrena.

- Irakurleak dakikeenez, Arrasateko Lan Kide Aurrezkiak eta Ataungo Guraso Elkarteak, euskal antropologi ikerketari buruzko sari bat sortarazi berri dute Jose Migel Barandiaran jaunaren omenetan.

Sari bakarra 100.000,- ptakoa izanen omen da.

Halako saririk ez da sarri izaten euskal idazlehiaketen artean.

Erabaki berria dugu aurtengo Axular Idazlehiaketa, Nafarroako eskoletan barrena urtero eratu ohi dena.

Arraioz-ko Felisa Ugarte neskatila atera da irabazle Sorgin Kontu izeneko ipuin batez.

Mahaiko, Pedro Diez de Ulzurrun eta Aingeru Irigaray jaunak izan dira.

Hamabost egun barru ZERUKO ARGIA honetan argitara eman ahal izanen dugu sariturik atera den Sorgin Kontu hori.

eskualdeak

Eskualdeen edo, hobeto (?) esan, rejioen arazoa gaurkotasunez jantzi zaigu berriro ere, Gipuzkoako kontseilulari den Marcelino Orexa Agirre jaunaren proposamendua dela eta.

Ez dugu Orexa Agirre jauna ezagutzen, baina bai bere zenbait senide eta adiskide.

Gogoan ditugu Turismoko Subsekretario izendatu zutenean egin zizkioten ohore eta gorantzak, gu geu nahiko motz mintzatu ginelarik.

Geroztik, Marcelino Orexak bere burua hainbat lekutan erakutsi du, eta, gutienez, geldirik egoteko mutila ez dela ondotxo adiarazi digu.

Arretaz irakurri genituen Salamancan eratu ziren ihardunaldietan rejioari buruz esan zituen hitzak (Eskozia, Katalunya, Euskal Herri eta Europako beste hainbat herriren berezko nortasun eta berezitasunak adiaraziz...), eta horra orain, esan ondoren, egin duen lege proposamendua: .

Makinatxo batek, bere adiskideengandik hasita, egundainoko txaskoa hartu du, segurutik, proposamendu horren berri jakitearekin batera, guk geuk, momentutxo batez geure donostiar hori hurbilago sentitu dugun arren.

Noski, noski baino noskiago, ez da Orexa jaunaren eskaririk ontzat hartu, eta, behar bada, harritu ere ez da inor harritu kailurik ez bait zaigu aspalditxodanik falta.

Edozein modutan, politena zera izan da, egunkariek arazo honetaz idatzi dutena, alegia.

Zeren, alde batetatik, Gipuzkoako kontseilulari trebe eta argia goratu nahi izan dute, bestetatik ezezkoa eman diotenei arrazoia eman beharrez.

Ez eta kukainetan ere horrelako malabarismorik... Zenbat zirko egin behar den gero, bizirik jarraitzeko!

hiru liburu berri

M. M. Zubiagak Zorion Bidea deitu liburuxka bat argitara eman berri du.

Ehun eta lau orrialde du eta azken hogeita bost urte honetan Euskal Herrian barrena, herriz herri egindako hainbat mixio ihardunaldiren zenbait esperientzia azaltzen da, Zorion Bideari dagozkion gogo-ihardunei atxikirik batik-bat.

Euskara guztiz erraza darabil, giputz arrunta, Idazkeraz eta joskeraz zenbait bitxikeria guti badu ere.

-LUR editorialak Maite Rungis-en Ekonomiako Lehen Pausoak deritzan alea argitara eman berri digu, Xabier Amurizak euskaratua.

Itzultzaileak berak hitzaurre gisa dioenez, liburu horretan azaltzen diren konzeptuak ekonomiako hastapenak eta lehen pausoak baino ez dira.

Eta, honetan datza, behar bada, M. Rungis-en meriturik nabarmenena, hau da, ekonomiako gairik funtsezkoenak hain argi eta ulergarri azaltzean, zientziazko zehaztasunik galdu gabe.

Egileak ekonomia eta politikaren arteko zer ikusia kontutan hartzen du liburu honetan, kapitalismoaren izaera aztertu eta hainbat ondorio eta iritzi eskainiz.

Maite Rungis-en obra osoa bost hitzaldik osatzen du.

Hala ere, LUR editorialak hiru baino ez ditu honako honetan eskaintzen, ondorenen baten jarraituko duenaren lehen parte bezala.

- Iruiñeko Donandoni Gazteriak Gure txistu Soinuak deritzan liburuxka berri bat argitaratu du.

Honako hau, duela zenbait hilabete multikopiaz atera zenaren kopia dugu, harako hura bizpahiru hilabetetan berehalaxe ahitu bait zen.

Hirurogeita hamabost txistu soinuk osatzen du liburu hau, TXISTULARI aldizkarian eta bestetan agertu izan diren ontxoen aukera eta bilduma eginez.

Bigarren liburu hau, lehen multikopiaz atera zena bezalaxe, Aita Hilario Olazaran zenaren ohore eta omenez argitara emana izan da.

aldizkarietan barrena

ANAITASUNA hamabosterokoan irakurtzen ahal dugunez, Parisko Euskal Etxean hamaika euskaldun ikasle gaztek Euskaltzaindiko irakasle titulua lortzeko etsamina egin berri du.

Etsamin-mahaiko, Alfontso Irigoien, Txomin Peillen eta Xabier Kintana jaun euskaltzainak izan dira.

Albistariak dioenez, ikasleok oso interesaturik omen daude Euskaltzaindiaren titulu hori lortzeko, frantses gobernuak, hain zuzen ere, Frantziako Unibertsitateetan euskara irakasteko eskatu egiten baitie.

Beraz, antza denez, bada oraindik Euskaltzaindiari zor zaion nortasun eta ofizialtasuna ematen dionik.

- Donostiako La Voz de España egunkarian irakurri ahal izan dugunez, Suezian ez omen da aurrerantzean nuklear zentralik eraikitzeko baimenik emanen, ez, behintzat, beren arrixkuak zehatz-mehatz aztertzen ez diren artean.

- Donostiako liburutegietan egin den azterketa batez, Martin Ugalderen Hablando con los Vascos eta Síntesis de Historia del País Vasco deitu liburuak omen dira gazteriaren artean gehien saltzen direnetarikoak.

- Donostiako sei liburutegik zenbait anonimo jaso du, liburu ezkerkoi eta galgarriak agertarazten dituelako.

- Ia bi hilabete dira Euskaltzaindiak bere bilera gogoangarria Kukullako Donemiliagan ospatu zuela eta, oraindik ez bide da haren oihartzunik amaitu.

Oraindik orain Logroñoko berri-emaileak Donostiako Unidad arratsalderokoan esan digunez, euskara Donemiliagan sortu omen zen.

Logroñon ez bide dute Bizkaiko astekaririk irakurtzen.

Ha zelako abantaila... Optalidoitan gastatu beharrik ez!

AMATIÑO.